«Europan ez dago demokrazia politikorik»

Entrevista en Berria, 18 de mayo de 2014Amaberria

Miren Etxezarreta · Ekonomia katedraduna

J.Fernandez

Hasiera-hasieratik doa mamira Miren Etxezarreta (Ordizia, Gipuzkoa, 1933): «De facto, parlamentuaren hitzak praktikoki ez du balio». UABko Ekonomia Aplikatuko katedradun erretiratua eta Taifa ekonomia kritikoko mintegiko kidea da Etxezarreta.

Zer rol jokatu du Europako Parlamentuak EBko azken erabaki garrantzitsuenetan?

Zerikusi txikia du EBtik datozen neurriekin. Banku batasuna izan da Bruselak hartutako neurririk garrantzitsuena, eta parlamentuak ez du zeresanik eduki. Xehetasun txiki batzuk alda ditzake agian, baina Europako Parlamentuak ez du lege autonomiarik. Ezin du legerik proposatu. Hori Batzordearen eskumena da.

Lehen aldiz Europako Batzordeko presidentea hautatuko du hurrengo parlamentuak.

Grazia egiten dit horrek. Soilik baimena eman diote aukeratu dezaten zein izango den erabakiak hartuko dituzten tokiko presidentea. Ironikoa da. Parlamentuak ez ditu neurriak erabakiko, haiek hautatuko presidenteak baizik.

Agerian dago EBren defizit demokratikoa.

Europan ez da existitzen demokrazia politikorik. Ez dut asko sinesten demokrazia formalean, baina hori ere ez dago EBn. Eurek ere onartzen dute demokrazia falta hori.

Zer jokatzen da bozetan orduan?

Ia ezer ere ez. Europarlamentua lekuz kanpo dago, eskumen batzuk lortzen ari da, baina oso txikiak denak. Jendea ez da inozoa, eta horregatik abstentzio handia. Jendeak badaki legebiltzarrak ez duela botererik.

Benetako batasun ekonomikoak batasun politikoa eskatzen du.

Baina hori ez dugu ikusiko urte askotan. Eta arrazoia sinplea da: aberatsek ez dute inoiz batu nahi izan pobreekin. Alemaniak eta bere sateliteek ez dute hegoaldekoez ezer jakin nahi. Badakite benetan batuz gero ordaindu beharko luketela.

Zelan kudeatu du EBk krisia azken bost urteotan?

Erabateko porrota izan da herrialde gehienentzat, eta bereziki periferiakoentzat. Neurri ekonomiko guztiek herritar gehienei egin diete kalte, baita erdiko klaseari ere. Gainera, ez dute arazo ekonomiko bakar bat ere konpondu.

Zer espero duzu aurrerantzean?

Berdin jarraituko dute. Baina krisia gehiago gordintzen ez bada ezingo dituzte neurri asko justifikatu. Krisia eta zorra erabili dituzte Kapitalaren Europari oso ondo etorri zaizkion neurriak hartzeko. 1970eko krisitik hasitako bidean sakondu dute, krisia aprobetxatuz.

Aitzakia amaitzen ari da?

Bai, baina jende asko jada ohitu egin da. Bruselak neurriak hartzeko exijitzen die estatuei, negozio handiei mesede egiteko, vaina ideologia bera dute estatuetako gobernuek ere. Pozik betetzen dute EBk eskatutakoa. Espainiako eta Kataluniako gobernuak, adibidez, Bruselak eskatu barik ere harenak baino politika kontserbadoreagoak hartzen ari dira

Politika guztiz merkatuen mecedera jarrita dago?

Merkatuena eufemismo bat da; kapitalaren mesedera dago. Krisiaren txarrena pasatu dela diote, eta hein batean hala da, vaina kapitalarentzat. Krisiak aukerak dira kapitalarentzat: zati bat galtzen dute, baina geratzen direnak berregituratu eta gehiago hazten dira. Orain, gainera, inoiz baino lan baldintza txarragoen gainean haziko da kapitala. Soldatak jaitsi dira, prekarietatea handitu, ongizate estatua merkeagoa da. Horrek mesede egiten dio kapitalari, eta jarduera ekonomikoa pixka bat suspertzea dakar. Baina beti kapitalarentzat, inoiz ez herritarrentzat.